Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Hezkuntza Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Hezkuntza Berriztatzea
 

Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunaren trataera. Arreta goiztiarra hezkuntzaren baitan

Arreta goiztiarra itxaropen-deklarazio bat da giza garapenerako. Jarduera konplexua ere bada, eta etorkizuna berriro diseinatzen laguntzen du, orainaldiak mugatu eta aurreikus ez dezan.  Jaiotzatik lehenengo haurtzaroa amaitu arte luzatu daitekeen jarduketa-multzo bat da.

Ezbeharrari aurre egin behar dion umearen eta familiaren premiazko beharrizanei ematen zaien erantzuna da. Arreta goiztiarra esku-hartze hauek osatzen dute: 0-6 urteko haurrei, familiari eta inguruneari zuzenduriko esku-hartzeen multzoa, helburutzat nahasmenduak dauzkaten haurrek beren garapenean agertzen dituzten, edo horiek pairatzeko arriskua duten, premia iragankor edo iraunkorrei albait lasterren erantzutea duena.

Definizio horiek guztiek arreta goiztiarraren esku-hartzeen esanahia eta arrazoia azaltzen dituzte. Aipatu dugun azken definizioa Euskal Autonomia Erkidegoko arreta goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko dekretuan dago, baina aurreko definizioek ere errealitatearen alderdiak jasotzen dituzte, definizio kanonikoetan beti jasotzen ez direnak. Azken definizioak alderdi hauek azpimarratu nahi ditu: osotasuna, familiaren partaidetza aktiboa umearen garapenean, diziplinartekotasuna, eta, azkenik, esku-hartze sistematikoa eta espezifikoak txiki-txikitatik egitearen garrantzia.

Ikuspuntu profesionaletik, esku-hartze goiztiarra aztertzeko, ikertzeko eta, batez ere, esku hartzeko diziplina anitzeko esparru bat da, eta familia-ingurunean eta komunitatean umeen garapena hobetzea du helburu.

Azkenik, zientzien aurrerapenetan (neurologia, pediatria, fisioterapia, garapenaren psikologia, psikiatria, pedagogia, lan-terapia, etab.) oinarritutako errealitate poliedriko honekiko hurbilketak agortzeko asmorik gabe, hezkuntzaren ikuspegitik, arreta goiztiarra oztopoak gainditzeko beharrezko laguntza da; Haur Hezkuntzako ikasleek gaitasun pertsonalak eskuratzea baldintza dezaketen garapenaren nahasmenduetatik edo arrisku-egoeretatik eratortzen dira oztopo horiek.



Baina, badago arreta goiztiarrerako oinarririk? Jakina. Ikerketa ugarik frogatzen dute arreta goiztiarra beharrezkoa dela neurogarapenaren nahasmenduetarako. Egia da, halaber, ikerketa batzuek zalantzak sorrarazten dituztela jarduketa horien benetako onurei buruz, batez ere, medikuntza-zientzietan, esaterako, neurologian eta psikiatrian. Hala eta guztiz ere, epe luzerako ondorioak zalantzan jartzen badira ere, gurasoentzako eta familiaren funtzionamendurako onurak ere aipatzen dira, zehazki, antsietatea murriztea, itxaropenak hobetzea eta esku-hartzeko jardueran parte hartzea. 

Hauek dira hurbilketa garrantzitsuenetako batzuk: lehenengo eta behin, interesgarriak dira Hubel & Wiesell-ek garapenaren aldi kritiko edo sentikorrei buruz egindako ikerketak (The period of susceptibility to the physiological effects of unilateral eye closure in kittens. J Physiol, 1970; 206: 419), ikerketa-ildo emankor baten abiapuntua baitira. M.A. Avariaren artikuluak (Aspectos biológicos del desarrollo psicomotor. Rev. Ped. Elec. [on line] 2005, 2. liburukia, 1 zk., ISSN 0718-0918) garapenarekiko hurbilketa ona eta egokia egiten du, baina Espainiako adituen lanak ere kontsultatzeko modukoak dira (esaterako, Artigas Pallarés, J. & Narbona, J. (2011): Trastornos del neurodesarrollo). Osasunaren gizarte-faktore erabakigarriei buruzko obra hauek ere oinarrizkotzat jotzen ditugu: bata, M. Marmot egilearen Fair Society, Healthy Lives. The Marmot Review, 2010, eta bestea, J.J. Heckman egilearena, arreta goiztiarraren kostua-eraginkortasuna erlazioari buruzkoa (adibidez, Conti, G. & Heckman J.J. (2013): The Developmental Approach to Child and Adult Health. Pediatrics, Volume 131, Supplement 2, April; Heckman, J.J. (2011): The economics of inequality: The value of early childhood education. American Educator.Spring). Cebolla-Boadok eta beste batzuek egindako azterlan hau ere interesgarria litzateke kontsultatzea: Aprendizaje y ciclo vital, la desigualdad de oportunidades desde la educación preescolar hasta la edad adulta (Colección de Estudios Sociales, 39. zk.)

Noski, hau ez da ohiko bibliografia bat. Arreta goiztiarra oinarritzen duten arrazoiei buruz gaur egun dagoen ezagutzaren adibideak baino ez dira.

Jakina da arreta goiztiarra ez dela mende honetan sortu. XX. mendearen lehen erdialdean sortu zen. Garai hartan medikuntzako ereduaren menpean zegoen, eta umeen desgaitasunari txikitatik heldu nahi zioten profesionalek. Eredu horren ezaugarrietako bat esku-hartze paraleloa zen, hau da, erakunde edo sistema bakoitzak bere kabuz jarduten zuen (bat baino gehiagok esku hartzen bazuen), ahalik eta hoberen, baina bakarrik beren erantzukizuna bazen, beren ustez.

Gaur egun, esku-hartze goiztiarrak zerikusi handiagoa dauka paradigma ekologiko eta biopsikosozial batekin, eta garrantzitsuagoak dira hezkuntza eta natur inguruneetako esku-hartzeak.

Esku-hartzeari ekiteko modu konprensibo eta inklusibo horren adibide da Arreta Goiztiarreko Eredua Euskal Automonia Erkidegorako, 2010. urtearen amaieran argitaratutakoa. Eredu hori parte hartzen duten hiru sistemen (osasuna, gizartea eta hezkuntza) zerbitzu eta baliabideen arteko koordinazio sistematikoan oinarrituta dago, administrazio publikoei gero eta eraginkortasun eta ekitate handiagoa eskatzen zaien testuinguru batean.

Ordutik 2016ko martxora arte (dekretua martxoan argitaratu zen) eredu horren alde batzuk martxan jartzeko saiakerak egin dira. Agerikoa denez, ez da erraza izan. Adostasun orokorra dago lanerako kultura (diziplinartekoa, diziplinaz gaindikoa eta sistemen artekoa) ezin dela bat-batean sortu esatean. Eguneroko praktika behar du, lasaitasun-egoeretan eta krisi- edo gatazka-egoeretan. Gainera, lan komun horren emaitzak oinarritzen dituzten egiturak egotea eskatzen du. Egitura horiek gabe, egin litezkeen aurrerapenak pertsonei lotuta geratzen dira, eta pertsona horiek gabe, aurrerapenak ezin daitezke mantendu.

Kultura partekatua eraikitzeko prozesuan, sistema bakoitzak (osasunekoa, gizartekoa eta hezkuntzakoa) urratsak eman ditu eredua garatzeko, bere idiosinkrasiatik eta erantzukizunetik abiatuta eta guztion partaidetzarekin.  Horixe da Beharrizan Bereziak dituzten Haurren Arreta Integraturako Prozesua (BBHAIP). Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua proiektu horren buru aritu da, eta elkarrekintza eta komunikazio profesionaleko espazio bat sortu
du; horrek oso ondorio positiboak izan ditu hezkuntzako eta gizarte- eta osasun-arloko arreta-prozesuetan. Bestalde, hiru sistema horiek parte hartzen dutela, Bizkaian eta Gipuzkoan Arreta Goiztiarreko Balorazio Lantaldeak (AGBT) ad experimentum sortzeak erraztu egin du profesionalen arteko elkarrekintza eta esku-hartze koordinatua.

Azkenik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ere, bere eremuan, erabakiak hartu ditu eredua garatzeko. Hona hemen egin diren lanak, laburbilduta:

Jarduketa garrantzitsuenen artean bi hauek nabarmentzen ditugu: Arreta Goiztiarreko Marko Plana diseinatzea eta, batez ere, Haurren Garapenaren Jarraipenerako Protokoloa. Azken protokolo hori bi fasetan egituratuta dago —Garapenaren Ohiko Zaintza eta Detekzio Espezifikoa— eta baheketa-prozesu sistematiko eta unibertsal bat hastea proposatzen du, eskolaurreko aldian (Haur Hezkuntza) haur-garapenaren zailtasunak antzemateko.

Eta arazoak antzeman ondoren, esku hartzen da modu inklusiboan, ikasle bakoitzak bere gaitasun pertsonalak bere ingurune naturalean (eskolan eta familian) garatzen dituela bermatzeko. Familiak haur eskolaren kidea edo aliatua izan behar du, eta elkartasun horretatik jarduketa koordinatuak eratorri behar dira, umeen beharrizanei behar bezala erantzuten dieten hezkuntza arloko sinergiak sortzeko. Koordinazioa ez da mendekotasuna, baizik eta lankidetza, eta horrek zereginen banaketa ekar dezake, betiere hausnarketaren eta adostasunaren ondorioz.

Azken finean, lehenengo eta behin ezagutu egin behar dugu gero antzemateko, eta antzeman egin behar dugu ahalik eta lasterren esku hartzeko eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko; esku hartzea beharrezkoa da ikasten jarraitzeko, eta, horrela, bizitzeko eta izateko.

Orain zauden espazio birtual honetan hori guztia lantzen da. Eskerrik asko bisitatzeagatik.

Euskadi, auzolana