“La infancia es el lugar en el que habitas el resto de tu vida”

                                                            Rosa Montero, “El corazón de Tártaro”

     
 

1999-2000 ikasturtean Basozelai-Gaztelu Ikastetxe Publikoaren klaustroak bere lan-ildo gisa bul-tzatzea erabaki zuenez geroztik ari dira bertan gauzatzen liburu honetan biltzen den proposamena. Urte hauetan, nire lankideek, tutoreek, jarduerei buruzko hainbat ekarpen eta iradokizun egin dituz-te eta, horri eskerrak, jarduerak doitu eta egokitzeko aukera izan dut. Horrela, beraz, lan praktikoa da, geletan benetan egindako lanarekin egiaztatua eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe baten ezaugarrietara egokitua.

Jakina da material hau agertu aurretik ere egiten zela tutoretza-lana, baina nire ustez ez zen hain modu sistematikoan eta antolatuan egiten. Lehen Hezkuntzako zentro askotan gertatu ohi denez, gatazkaren bat sortzen zenean jorratzen genuen tutoretza, edo hezkidetzako material interesgarriren bat eskaintzen zigutenean, drogamendekotasun-materialen bat, sexu-hezkuntzakoa, etab., baina loturarik eta jarraipenik gabe. Ondorioz, bazirudien beti hasten ari ginela, eta horrek koherentzia urria ematen zion gure lanari.

Horrek guztiak zera eskatu zigun: Tutoretza Plana (TP-PAT) elkarrekin lantzea, eta horretantxe hasi ginen. Plan horretan ikusi genuenez, premiazkoa zen ikasleen ordutegiaren barnean sistematizatzea tutoretza-saioak eta horixe izan zen, nire ustez, izan zen erabaki garrantzitsuenetako bat, beharrezko erabakia ere esango nuke, proposamena behar bezala garatzeko. Adostasuna lortu ondoren, nire lana zera izan zen: gure Tutoretza Planari gehiago edo gutxiago egokitzen zitzaizkion jarduerak lantzea, hautatzea, antolatzea eta atalkatzea, lehen mailatik seigarrenerainoko ikasleekin egindako saioetan gauzatzeko.

Elkarrekin landu izana azpimarratu nahi dut, bai eta ordutegian izandako presentzia sistematikoa ere, oinarria baitira tutoretzan nolabaiteko jarraipena izateko eta ikasturte bakoitzeko tutoreen edo ikastetxea zuzentzen duen Zuzendaritza Taldearen nahierara ez geratzeko.

Gure Tutoretza Planak, lehen atalean ikusi ahal izango denez, oinarrizkoa jorratu nahi du, eta erraza eta benetakoa izan nahi du. Aurreko urteetan ikasleekin, familiekin eta irakasleen artean dagoeneko egiten ari zenaren erreferentziak bilatzen ditugu; tutoretzari buruz dauden materialetan oinarritu gara helburu orokorrak eta jardueraguneak idazteko, eta gutxieneko akordio batzuetara iritsi gara, irakasle talde osoak onartutakoak.

Behin urrats horiek egin ondoren, lanari heldu nion eta mailakako karpeta batzuk agertu ziren, argitalpen-arrazoiengatik zikloka egokitu behar izan ditugunak. Karpeta horiek urte oso bateko lanaren emaitza izan ziren, asko irakurri nuen; materiala hautatu, egokitu, hausnartu eta antolatu egin behar izan dut, merkatuan ez baitzegoen halakorik, ez zegoen proposamen globalik.

Bazen, jakina, hainbat material gizarte-trebetasunei buruzkoa, hala nola autoestimu, hezkidetza, talde-dinamika, lankidetzako jolas, sexu-hezkuntza, droga-mendekotasunen prebentzio, gatazken konponbide, asertibitate, erabakiak hartzeari buruzkoa… Baina argi eta garbi ikusi nuen proposamen koherente bat osatzeko zegoen zailtasun handia, elkarren artean loturarik ez zuten proposamenez osatutako ozeano batean.

Hutsune nabarmena topatzen genuen, etapa honetako maisu/maistra askok bezala; alderdi horiek guztiak tutoretzaren ikuspegitik bateratuko zituen planteamendu baten premia, alegia; Lehen Hezkuntzako tutore batek ikasle berriak gelan integratzeko egunero egin behar duen lanetik hasita (taldea bateratzeko, autoestimua hobetzeko, poliki-poliki arau batzuk errespetatzen ikasteko, arazo txikiak zein handiak nola konpondu behar diren jakiteko…) eta, batez ere, errealitate guztiak kontuan hartuta, adibidez, lehen mailako haurren tutore izatea (6 urteko haurrekin) edo seigarrenekoena izatea (11 urtekoak). Horixe da material honen helburu xumea baina indartsua: proposamen koherentea eta globala eskaintzea Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan tutoretzak eduki behar duen presentzia eta garrantzia eduki dezan gure ikasleek bizi duten garapen pertsonaleko eta eskola-garapeneko etapa honetan.

Liburu honen edukiak hiru ataletan garatzen dira:

Lehenak alderdi orokor sorta bat biltzen du: Tutoretza Plan bat lantzeko argudioak eta tresnak, gure Ikastetxeko Tutoretza Plana eta programazio orokorreko elementuak: helburu orokorrak zikloka, jardueraguneen definizioa, ziklokako programazio-adibide bat eta, azkenik, hautatu ditudan jarduera guztiak jardueraguneen arabera sailkatuak.

Bigarren atala: jardueren karpeta da, Lehen Hezkuntzak dituen 6 mailetan antolatua. Maila bakoitzean 40 saio inguru dago. Jarduera-gune berak lantzen saiatu gara maila guztietan, jakina, jarduerak adin bakoitzari egokituta, kurtsoetan zehar halako jarraipen bat egon dadin.

Hirugarren atalean beste gai interesgarri batzuk sartu ditut, oso garrantzitsua iruditzen baitzait horiek begi-bistatik ez galtzea, hala nola familiekiko harremana (elkarrizketa bat egiteko garairako aholkuak, ikasturte-hasierako bilerarako gidoia edo gai batzuk etxean jorratzea komeni dela adierazten duen gutun bat) eta ikastetxeko irakasle guztien arteko koordinazioa, taldeen funtzionamendu egokirako hain emaitza onak ematen dituena, bereziki arazoren bat sortzen denean edo erabakiak hartu behar direnean.