AURKEZPENA

Gure erkidegora gero eta etorkin gehiago iristeak eta gure lurraldean hainbat mendetatik bizi diren gutxiengo kulturalak egoteak erronka berriak planteatzen dizkio gure hezkuntza-sistemari. Horrez gain, hezkuntza berriztatzeko ildoak jarri behar dira abian, eta eskola kultura arteko dimentsiorako nola prestatuko den jorratu behar da. Horren bitartez, kultur pluraltasuna hain nabaria den mundu batean ikasle guztiak aurrera egiteko nola prestatu behar diren aztertuko da. Dena den, lehentasunez euskal kulturaren berezko balioak garatuko dira.

Ikastetxean dagoen aniztasunaren osagaietako bat osagai kulturala da, hau da, balio multzoak, errealitatea ulertzeko eta errealitatera egokitzeko moduak, ohiturak, antolamendua, espazioaren eta denboraren egituraketa, botere-erlazioak, elkar eragiteko jarraibideak eta arau aldakorrak.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 2003-2004 ikasturtean abiarazi zuen Ikasle Etorkinak Artatzeko Programa, egungo migrazio-fenomenoaren aurrean egindako hausnarketaren ondorioz, eta Eusko Jaurlaritzak 2003an onartu zuen Immigrazioari buruzko Planaren gomendioekin bat etorriz.

Ikasle Etorkinak Artatzeko Programak honako printzipio hauek hartu ditu oinarri: integrazioa, berdintasuna, interkulturalitatea eta kalitatea. Programak, beraz, berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan hezi nahi ditu ikasle etorkinak, kultura arteko hezkuntzaren ildotik. Aipatu Programan jasotzen den bezala, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakasleentzat materialak didaktikoak landu eta hedatzeko konpromisoa hartu zuen.

Hasiera batean, ikasle etorkinei harrera-plana egiteko orientabideak argitaratu ziren. Ondoren, ikasle etorkinekin lanean diharduten irakasleentzat egokiak diren material desberdinak landu dira eta bilduma honetan biltzen dira. Bildumaren izena Zubirik zubi da eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzako irakasle nahiz ikasleentzat diren materialak eskaintzen dira bertan.

TONTXU CAMPOS GRANADOS
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua