Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Hezkuntza Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

HEZIBERRI 2020 Plana. Ikasleen ebaluazioa


 

Heziberri 2020 Planaren hezkuntza eredu pedagogikoaren araberako ebaluazio sistema propioa

 

 

Inprimitzeko bertsioa (pdf, 493 KB)

 

Erabakiak hartzeko informazioen biltze eta balorazio prozesu sistematikoa da.

Heziberri 2020 Planaren hezkuntza eredu pedagogikoaren azken helburua hobekuntza da. Hobekuntza honela ulertuta: ikasle guzti-guztien hobekuntzatik abiatuta, taldearen zein ikastetxearen hobekuntzara eta gure hezkuntza sistema osoaren hobekuntzara helduz.

Heziberri 2020 Planaren hezkuntza eredu pedagogikoaren gainerako osagaietatik (oinarrizko konpetentziak, helburuak, edukiak eta metodologia) ebaluazioa ezin bereiz daitekeen curriculumeko osagaia da eta zentzua izango du bakar-bakarrik haien arteko koherentzia bermatzen bada.

Hobekuntza. Ebaluazioaren helburu nagusia hobekuntza da beti, ikasleena (ikaskuntza pertsonalizatua), ikastetxearena (hobekuntza planak) eta hezkuntza sistema osoarena (planifikazioa, lerro estrategikoak eta irakasleen formakuntza). Ebaluazioa ez da inoiz erabili eta ezin da erabili ikastetxeen arteko rankingak egiteko.

Osagarritasuna barne-ebaluazioaren eta kanpo-ebaluazioaren artean. Heziberri 2020 Planaren hezkuntza eredu pedagogikoak oinarrizko konpetentzia guzti-guztien ebaluazioa aurreikusten du. Kanpo-ebaluazioaren bitartez oinarrizko konpetentzia guztiak ebaluatzea ezinezkoa da. Batzuk barne-ebaluazioak bakar-bakarrik ebalua ditzake. Hori dela eta, ikastetxeen hobekuntzarako proposamenak kanpo-ebaluazioaren zein barne-ebaluazioaren emaitzak modu osagarrian kontutan hartuz egin beharko dira.

Koherentzia. Hezkuntza eredu pedagogikoarekin erabat koherentea den ebaluazioa da. Beraz, konpetentzietan oinarritutako ebaluazioa da eta etapa bakoitzaren amaieran ikasleek lortu beharreko irteera profila hartzen du erreferentzia. Horrez gain, ebaluazioa hezkuntza eredu pedagogikoaren gainerako osagaietatik (oinarrizko konpetentziak, helburuak, edukiak eta metodologia) ezin bereiz daitekeen curriculumeko osagaia da.

Erantzukizuna eta lankidetza. Heziberri 2020 Planaren hezkuntza eredu pedagogikoak proposatzen duen ebaluazio eredua irakasle taldearen eginkizun nagusi bat da. Baina hezkuntza komunitate osoaren (irakasleak, ikasleak, familiak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila) erantzukizun partekatua da. Erantzukizun partekatu honek inplikatutako eragile guztien lankidetza eskatzen du.

Berrikuntza eta erronka hezkuntza sistemarako. Gure hezkuntza sistemaren ezaugarri nabarienetarikoa da hausturarik gabe aurrera egiteko gaitasuna, betiere hezkuntza sistemaren ibilbide luzea eta emankorra kontutan hartuta. Heziberri 2020 Planaren hezkuntza eredu pedagogikoak proposatzen duen konpetentzietan oinarritutako ebaluazioak aurrera pausua dakar. Berritzailea da eta oinarrizko zehar konpetentzien ebaluazioan bere indarra jartzen du. Dena dela, nahiz eta konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegia Europako hezkuntza sistemetan zabaldu, oraindik ez dago oinarrizko konpetentzia guztiak, zehar konpetentziak diziplinarretan txertatuta, ebaluatzeko prozeduren eta tresnen multzo sendorik. Gure hezkuntza sistemak eta Europako hezkuntza sistemek komunean daukaten helburu estrategikoa eta erronka da.

Etapa bakoitzaren amaieran, hezkuntza helburuak eta bizitzaren esparru eta egoera guztietan moldatzeko ikasleek lortu behar duten oinarrizko konpetentzien multzoa da.

Pertsona guztiek beren burua garatzeko, herritar aktiboak izateko, gizarteratzeko eta lan egiteko behar dituzten konpetentziak dira.

Heziberri 2020 Planaren hezkuntza eredu pedagogikoak oinarrizko zehar konpetentziak eta oinarrizko diziplina baitako konpetentziak planteatzen ditu.

Bizitzaren eremu eta egoera guztietako problemak (pertsonalak, sozialak, akademikoak eta laboralak) ganoraz konpontzeko balio dutenak, bai diziplina-arlo guztiekin lotutako egoeretan, bai eguneroko bizitzako egoeretan.

Hezkuntza eredu pedagogikoak jasotzen dituen bost oinarrizko zehar konpetentziak honako hauek dira:

Hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia.

Ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia.

Elkarbizitzarako konpetentzia.

Ekimenerako eta ekiteko espiriturako konpetentzia.

Izaten ikasteko konpetentzia.

Bizitzaren eremu eta egoeretako problemak (pertsonalak, sozialak, akademikoak eta laboralak) ganoraz konpontzeko balio dutenak, eta, horretarako, diziplina-arlo jakin baten baliabide espezifikoak behar dituztenak.

Hezkuntza eredu pedagogikoak jasotzen dituen zazpi oinarrizko diziplina baitako konpetentziak honako hauek dira:

Hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia.

Matematikarako konpetentzia.

Zientziarako konpetentzia.

Teknologiarako konpetentzia.

Gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia.

Arterako konpetentzia.

• Konpetentzia motorra.

Heziberri 2020 Planaren hezkuntza eredu pedagogikoak oinarrizko konpetentzia guzti-guztiak, zeharkakoak zein diziplina baitakoak, ebaluatzea planteatzen du. Edukiak (adierazpenezkoak, prozedurazkoak eta jarrerazkoak) ebaluatu behar dira baina batez ere ebaluatu behar da ikasleek nola erabiltzen diren denetariko baliabideak, erronkei edo arazoei aurre egiteko.

Hezkuntza eredu pedagogikoak hurrengo ebaluazio motak aurreikusten ditu:

• Ebaluazio diagnostikoa

• Ebaluazio formatiboa

Azken ebaluazio sumatiboa

Izenak adierazten duen bezala, ebaluazio diagnostikoaren helburua diagnostiko bat egitea da, hau da, ikaskuntza prozesuaren egoera ezagutzea hobetzen lagundu ahal izateko.

Ebaluazio diagnostikoa hezkuntza prozesuaren edozein momentutan egin daiteke, hasieran, prozesuan zehar, edo bukaeran.

Ikastetxeak berak egin dezake (barne-ebaluazio diagnostikoa) edo kanpokoa izan daiteke.

Barne-ebaluazio diagnostikoa ikastetxeak egiten du, hau da, irakasleek erabakitzen dute zer eta nola ebaluatu. Irakasleak frogen planifikazioaren, diseinuaren eta aplikazioaren arduradunak dira. Haiei dagokie baita emaitzak helaraztea ere, bai ikasleei bai familiei.

Kanpo-ebaluazio diagnostikoa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egiten du Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen (ISEI-IVEI) adituen bitartez. Haiek gure hezkuntza sistemarako berariazko frogak planifikatzen eta diseinatzen dituzte eta ikastetxetik kanpoko pertsonalekin frogen aplikazioa koordinatzen du. Horretaz aparte, ebaluazio txostenak egiteko eta ikastetxeetara helarazteko ardura hartzen du. Gainera informe tekniko bat egiten du, non gure hezkuntza sistemaren emaitza orokorren azterketa sakona egiten den eta hobekuntzarako neurriak proposatzen diren.

Ebaluazio diagnostiko biak hezkuntza-eskumenak dituen sailaren eta ikastetxeen erantzukizun partekatua dira.

Bien azken helburua hobekuntza da. Bi ebaluazio hauen emaitzen azterketa eta balorazioa egin ondoren hobekuntza planak egin beharko dira, bai ikastetxeek zein euskal hezkuntza sistema osoak ikasleen irteera profilaren lorpen hoberena eskura dezaten.

Ebaluazio formatiboak ikaskuntza-prozesuaren garapen eta eboluzioaren berri ematea du helburu, erabakiak hartzeko eta prozesua ikasleen beharretara egokitzeko.

Ikaskuntza-prozesu osoan zehar egiten da.

Ikastetxe bakoitzeko irakasleek egiten dute.

Azken ebaluazio sumatiboak ikasleek ikaskuntza-prozesuaren amaieran ikasi dutena neurtzen du. Emaitza (kalifikazioa) eskaintzen du eta erabaki administratiboak (maila edo etapa bat gainditzea, promozionatzea edo titulua lortzea) eragiten ditu. Erabaki hauek ebaluazio irakasle taldeak hartzen ditu.

Ikaskuntza-prozesuaren amaieran egiten da.

Ikastetxe bakoitzeko irakasleek eurek egiten dute.

Heziberri 2020 Planaren hezkuntza eredu pedagogikoak proposatzen duen ikasleen irteera profilera egokitu behar delako.

Heziberri 2020 Planak hezkuntza eredu pedagogikoarekin ebaluazio koherentea planteatzen du. Konpetentzietan oinarritutako ebaluazioa da eta gure ikasle guzti-guztiek etapa bukaeran irteera profila osatzen duten oinarrizko zehar konpetentziak zein oinarrizko diziplina baitako konpetentziak lortzea du helburu. Hobekuntzarako ebaluazioa da eta ikastetxeetako barne-ebaluazioaren (diagnostikoa, formatiboa eta azken ebaluazio sumatiboa) eta kanpo-ebaluazioaren (diagnostikoa bakar-bakarrik) osagarritasunean oinarritzen da.

Ebaluazio nagusia ikastetxeek egiten duten barne-ebaluazioa da, konpetentzia guztiak ebaluatzeko gai den ebaluazio bakarra baita. Dena dela, Heziberri 2020 Planaren hezkuntza eredu pedagogikoak ebaluazio diagnostikoa sistemaren hobekuntzarako funtsezko elementu jotzen du, ikastetxeek egiten dutena osatzen baitu eta balio erantsi bezala eskaintzen baitu zorroztasuna, fidagarritasuna eta alderagarritasuna. Horretarako, ikastetxeetako ikasleen testuinguruaren araberako alderdi sozioekonomiko eta kulturalak kontutan hartzen ditu.

Planteamendu hauek ez dira berriak. Bai 2008ko abenduaren 2ko Aginduan, gure hezkuntza sistemaren ebaluazio diagnostikoa arautzen zuena, ("Orain arte, ordea, ikastetxeek ez dute beren egoera behar bezala ebaluatzea eta epe ertainean izan duten bilakaera ezagutzea ahalbi¬detuko dien kanpoko erreferentzia garbirik izan, gaur egun ikastetxeetan dauden ebaluazio-prozesuak eta, horrenbestez, ikasleen arrakasta edo porrota neurtzeko emaitzak barneko hezkuntza-irizpideen eta prozedura partikularren arabera xedatzen direlako; beraz, horrela lortutako emaitzak nekez dira alderagarriak."), bai 2010eko otsailaren 11ko Ebazpenean, ebaluazio diagnostikoa aplikatzeko jarraibideak ematen zituena ("Ebaluazio diagnostikoaz aritzean, ulertu behar da prozesu bat dela, eta ikastetxeak eta, beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema hobetzen laguntzen duela, datu zorrotzak eta fidagarriak emango dituelako, eta datu horiek baliagarriak izango direlako irakasle-taldeek eta hezkuntza-komunitate osoak hausnarketa egiteko."), jasotzen baitzituzten.

Heziberri 2020 Planaren hezkuntza eredu pedagogikoak planteatzen dituen ebaluazio diagnostikoak etaparen erdian eta amaieran egingo dira.

Ebaluazio diagnostikoa ez dago ikasturte, ziklo eta etapa jakin baten amaierarekin derrigorrez lotuta. Funtsezkoa dena ebaluazioaren helburua zein den eta nori zuzenduta dagoen jakitea da, kontu handiz diseinatzeko, mugatzeko eta planifikatzeko, eta berme guztiekin aplikatzeko.

Hezkuntza eredu pedagogikoaren barruan etapa erdian planteatzen den ebaluazioaren helburua ikaskuntza-prozesuaren egoera ahalik eta azkarren diagnostikatzea besterik ez da, modu horretan hobetzen lagundu ahal izateko. Hori dela eta, gure ikasleentzat barne-ebaluazio diagnostikoa 3. mailan egitea positiboa da balio erantsia eskaintzen baitigu, Hobekuntza Planaren bitartez, ahalik eta azkarren esku hartzeko aukera alegia, eta gainera, denbora gehiago eskaintzen digu modu eraginkorrean esku hartzeko gure ikasle guzti-guztiek etapa amaieran irteera profila lor dezaten.

Lehen Hezkuntzako 3. mailan ikasle guztiek irakurketa-idazketa prozesua, eskolatze garapen egokia bermatzeko oinarria dena, bukatuta izango dute. Hori dela eta, momentu egokia da ikastetxe bakoitzean ebaluazio diagnostikoaren emaitzen inguruko hausnarketa bultzatzeko eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen hobekuntza orokorra sustatzen dituzten ekintza koordinatuak aurrera eramateko.

Etapa erdian ikaskuntza prozesuaren egoera ezagutzeko eta hobetzen laguntzeko konpetentzietan oinarritutako ebaluazioa da. Ikastetxeen irakasleek egiten dute eta zer eta nola ebaluatu erabakitzen dute. Hobekuntza Planak egiteko balio du. Ebaluazio diagnostikoaren emaitzekin familientzako txosten bat egingo dute.

Ikastetxeen barne-ebaluazio etengabekoa irakasle bakoitzak bere ikasleen taldean egiten du ikaskuntza-prozesu osoan zehar. Norberaren probak erabiliz egiten da, hau da, irakasle bakoitzak ebaluazioa egiteko tresnak bere kaxa egiten ditu. Ebaluazio honen bitartez, irakasleak bere taldeko ikasleen ikaskuntza prozesuaren garapenari buruzko datuak jasotzen ditu, eta bere kabuz aztertzen ditu bere irakaskuntza prozesua bere ikasleen beharretara egokitzeko. Banakako hobekuntza ekintzak planteatzeko balio du.

Ebaluazio diagnostikoak proba estandarizatuen bitartez ikaskuntza prozesuaren garapenari buruzko datuak jasotzea eta aztertzea du helburu. Proba hauek ez dira talde jakin batean aplikatzen, baizik eta maila jakin baten talde guztietan. Ebaluatu behar diren konpetentziak zenbateraino lortu diren adierazteko datuak biltzen eta modu globalean aztertzen dira. Irakasle guztiek batera hausnarketa egiteko eta banakako zein taldeko eta ikastetxeko hobekuntza ekintzak planteatzeko balio du.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, konpetentzietan oinarritutako ebaluazioa bai Europako hezkuntza sistementzat bai gure sistemarentzat erronka handia izaten jarraitzen duela jakinda, Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen (ISEI-IVEI) adituen eta Berritzeguneetako aholkularien bitartez, ikastetxeei laguntza eskainiko die. ISEI-IVEIren egitekoa ikastetxeei ebaluazio diagnostikoaren ereduak eskaintzea izango da. Eredu horietan agertzen diren itemak testatu dira beren fidagarritasuna eta zorroztasuna bermatzeko. Ikastetxeek beren ikasleen ebaluazio diagnostikoa egiteko eredu hauek aplikatzeko, egokitzeko edo eredu propioak erabiltzeko aukera izango dute. ISEI-IVEIko ereduak, aldaketarik gabe, erabiliz gero, ikastetxeek ISEI-IVEIk eskainiko dien aplikazio informatiko baten bitartez aukera izango dute familientzako txostenak automatikoki sortzeko. Berritzeguneko aholkulariek ebaluazio diagnostikoaren inguruko formazioa interesatuta dauden ikastetxeei eskainiko diete.

Hezkuntza Ikuskaritzak ebaluazio diagnostikoaren ezaugarriak azaldu, eta barne-ebaluaziotik sortzen diren Hobekuntza Planaren jarraipena eta ebaluazioa egingo du.

Heziberri 2020 Planaren hezkuntza eredu pedagogikoak oinarrizko ardatza du ikasleen irteera profila lortzea. Ikasleek Derrigorrezko Oinarrizko Hezkuntza amaitzerako lortu behar duten irteera-profil orokor honen ebaluatzeko modua zehazten da Lehen Hezkuntzako eta Derrigo¬rrezko Bigarren Hezkuntzako irteera-profilean. Hori dela eta, sistemak irteera profila zenbateraino lortu den informazio baliagarria eta fidagarria eskaintzen duen kanpo-ebaluazio diagnostikoa behar du, hezkuntza sistemarako beharrezkoak diren hobekuntza neurriak hartu ahal izateko.

Konpetentzietan oinarritutako ebaluazioa izango da. Ebaluazio diagnostikoa besterik ez da izango eta etapa amaieran egingo da ikasleek irteera profila lortu duten jakiteko. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen (ISEI-IVEI) bitartez egingo du eta Hobekuntza Planak ezartzeko, bai ikastetxe mailan bai hezkuntza sistema mailan, balio izango du.

Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI-IVEI), 2008 urtetik hona ebaluazio diagnostikoetan egin duen bezala, probak planifikatzeko, diseinatzeko eta aplikatzeko arduraduna izango da. Horretaz aparte, datu globalak eta partzialak aztertzeko arduraduna eta ikastetxearen eta hezkuntza sistemaren txosten orokorra prestatzeko arduraduna izango da.

Ez. Errebalida ondorio administratiboak (tituluaren lorpena) dituen kanpoko azken azterketa sumatiboa da. Azken ebaluazio sumatiboa, orain arte bezala, irakasleek bakar-bakarrik egingo dute, hau da, ikasleen talde bakoitzaren ebaluazio taldeek.

Ez. 2008 urtetik hona egin den bezala, ebaluazio diagnostikoen datuak eta emaitzak identifikatu ahal ez izateko modu¬an biltzen eta gordetzen dira. Isilpekotasuna bermatzen da kode alfazenbakizkoak erabiliz, izen bereziak edo ikastetxeen izenak ezagutzea eragozteko. Gure ebaluazio diagnostikoek ez dute inola ere balio eta etorkizunean ez dute balio izango ikastetxeen rankingak egiteko.

Ez. Test moduko azterketa bat gure hezkuntza eredu pedagogikoak planteatzen duen konpetentzietan oinarritutako ebaluazioarekin bateraezina da.

Ez. Ebaluazio diagnostikoa besterik ez da. Lortutako emaitzen azterketa eta balorazioaren ondorioz hobekuntza prozesuak sustatu daitezke, bai banakakoak, bai ikastetxekoak, bai hezkuntza sistema osoarenak.

Edozein ondorio administratibo duen ebaluazioa, adibidez mailaz igotzea, Lehen Hezkuntza Derrigorrezko Hezkuntzara promozionatzea edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortzea, bakar-bakarrik, orain arte izan den bezala, ikastetxe bakoitzeko irakasleen ardura da. Ikastetxeek egiten duten ebaluazio etengabekoaren bitartez egiten da.

Compromiso con las personas