Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Hezkuntza Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 

Heziberri 2020 Plana

 

Maiz egiten diren galderak

 

 

 Zer da Heziberri 2020 plana?

Heziberri 2020 Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak gure hezkuntza-sistema hobetzeko plana da. Horretarako Europako Kontseiluak hezkuntza eta prestakuntzari buruz 2020rako finkatu zituen ildo estrategikoak; XXI. menderako hezkuntzari buruzko Nazioarteko Batzordeak UNESCOri Jacques Delorsek egindako txostena (“Hezkuntza: altxor ezkutua”); eta euskal hezkuntza-sistemak orain arte lortutako emaitzak kontutan hartu dira.

 Zein proiektuk osatzen dute Heziberri 2020 plana?

Hiru egitasmok osatzen dute Heziberri 2020 plana:

  Lehen egitasmoa: hezkuntza eredu pedagogikoaren markoa

  Bigarren egitasmoa: Euskal Autonomia Erkidegoko curriculum dekretuak

  Hirugarren egitasmoa: Euskal Hezkuntza Legerantz hurbiltzeko urratsak ematea

 Heziberri 2020 dela eta, baztertu behar da hezkuntza arloan orain arte egindako lana?

Ez, Heziberri 2020 gure hezkuntza-sistemak egindako bide luzea eta emankorrean oinarritzen da; beraz, ez dago hausturarik. Heziberrik proposatzen duena sistemaren bikaintasunerantz aurre-pausua da.

 Zein izan da Heziberri 2020 plana garatzeko prozesua?

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Heziberri 2020 planarekin 2013ko irailean lanean hasi zen. Lehenengo proiektua 2014ko otsailaren amaieran bukatu zen eta bertan eragile desberdinek: unibertsitateak, guraso elkarteak, irakasle publikoko zuzendari elkarteak, itunpeko ikastetxe patronalak, eta hainbat adituk, besteak beste, parte hartu zuten. Bigarren proiektua aurrean aipatutako eragileekin landuz gain, sindikatuekin eta alderdi politikoekin ere jorratu zen. Dekretuak 2015eko otsailaren 18an aurkeztu ziren, eta tramitazio fasean daude. Orain hasi da hirugarren proiektua, Euskal Hezkuntza Legerantz hurbiltzeko urratsak ematea.

 Nolakoa da adostu den hezkuntza eredu pedagogikoaren markoa?

Konpetentzietan oinarritutako eredua da gure ikasleak norberaren ingurutik inguru unibertsalera bizitzeko ondo prestatuak egon daitezen. Hain zuzen ere, oinarrizko zehar-konpetentzietan: hitzez, hitzik gabe eta modu digitalean komunikatzeko konpetentzia, ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia, elkarbizitzarako konpetentzia, ekimenerako eta ekiteko espiriturako konpetentzia eta izaten ikasteko konpetentzia; zein diziplina baitako konpetentzietan oinarrituta: hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia, matematikarako konpetentzia, zientziarako konpetentzia, teknologiarako konpetentzia, gizarterako eta herritartasunerako konpetentzia, arterako konpetentzia, eta motzizitaterako konpetentzia.

 Zergatik esaten da Heziberri 2020 planak planteatzen duen proposamen curricularra malgua eta irekia dela?

Ikastetxeen autonomia pedagogikoa bultzatzen da. Kontutan hartuta konpetentzietan oinarritutako eredu pedagogikoa adostu dugula, bai edukiak bai lorpen-adierazleak erreferentziazkoak izango dira. Horrek esan nahi du ikastetxe bakoitzak bere Hezkuntza Proiektura, bere Curriculum Proiektura eta bere ikasleen ezaugarrietara egokituko dituela, beti ere ikasleen oinarrizko irteera profila bermatuz.

 Heziberri 2020 planako curriculum dekretuetan ikasleen bereizketa goiztiarra planteatzen da?

Ez, enbor bakarreko ibilbideari eusten zaio, ikasle guztiei DBH osoa bukatu arte banatu gabe jarraitzeko aukera emanez. Adibidez, 3. DBHko bi matematika mota izan arren, bien curriculumek 11 ebaluazio adierazletik 10 komunean dauzkate eta horretaz aparte, 3. mailako aukeraketak ez du 4. mailakoa baldintzatuko.

 Estatu mailan LOMCE indargabetzen bada, zer gertatuko da Heziberri 2020 planaren curriculum dekretuekin?

Curriculum dekretuak hezkuntza eragileekin batera landutako hezkuntza eredu pedagogikoan oinarritzen dira eta idaztean LOMCEk ezartzen dituen alderik ezkorrenak saihesteko neurriak hartu dira. Heziberri 2020 plana gure hezkuntza-sistemaren hobekuntzarako jaio zen eta dekretuak baliogarriak izango dira oinarrizko legea oraingoa zein beste bat izan.

 Zein da Heziberri 2020 planako hezkuntza eredu pedagogikoan eta curriculum dekretuetan hizkuntzen inguruan egiten den planteamendua?

Elebitasuna sendotzea hezkuntza marko eleaniztun baten barruan. Euskarak lehentasunezko tratua izango du, bi hizkuntza ofizialen erabilera sozialaren desoreka konpentsatzeko. Horrez gain, ikastetxe bakoitzak bere Hizkuntza Proiektua eta Curriculum Proiektua ikasleen eta haien ingurunearen baldintza soziolinguistikoen arabera egokituko ditu, beti ere ikasleen irteera profila errespetatuz. Metodologiari dagokionez, komunikatzeko konpetentzia eleaniztun bat lortzeko hizkuntzen trataera integratua eta integrala proposatzen da.

 Zein da Heziberri 2020 planaren barruan aniztasunari erantzuteko planteamendua?

Heziberri 2020 planak inguru normalizatu eta inklusiboan ikasle guztien oinarrizko konpetentzien garapen gorena lortzea du helburu. Hori dela eta, berariazko hezkuntza-laguntza behar duten ikasleak garaiz hautemateko mekanismoak ezarri behar dira ikastetxeetan. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, bere aldetik, aniztasunaren trataerarako orain dauden neurri guztiak mantendu eta indartuko ditu.

 Zein da Heziberri 2020 planaren curriculum dekretuetan ikastetxe publikoen autonomiaren inguruan egiten den planteamendua?

Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan xedatutakoa garatzeko asmoz, hezkuntza berriztatzeko kalitatezko proposamen bideragarri eta arduratsua egiten duten ikastetxeek Autonomia Proiektu bat aurkeztu ahal izango dute. Proposamen horretan jasoko dira esparru pedagogikoan eta curriculumean hartu beharreko erabaki bereizgarriak, bai eta antolaketan, kudeaketa ekonomikoan eta langile-kudeaketan hartu beharrekoak ere, irakaskuntza-prozesuak eta ikasleen emaitzak hobetzeko asmoz.

 Zer kanpoko ebaluazio mota planteatzen da Heziberri 2020 planaren curriculum dekretuetan?

Heziberri 2020 planaren curriculum dekretuetan, ikastetxeek egiten duten barneko ebaluazioaz aparte, kanpoko ebaluazio diagnostikoak planteatzen dira Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailatan eta DBHn (ikasmaila aurrerago zehaztuko da). Ebaluazio horiek ez dute eragin akademikorik izango; ikastetxeentzat lagungarriak eta orientagarriak izango dira; familientzat eta hezkuntza-komunitate osoarentzat, informatiboak. Datuak, orain arte bezala, ez dira erabiliko ikastetxeen inolako sailkapenik egiteko.

 Zein da Heziberri 2020 Planaren barruan Eskola Kontseilu eta Ordezkaritza-Organo Gorenen papera?

Eskola Kontseilu eta Ordezkaritza-Organo Gorenek orain arte izandako eskumenak mantenduko dituzte, Hezkuntza Komunitate osoaren partaidetza bermatzeko.

 Zer pausu ematen ari da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila Heziberri 2020 planaren curriculum dekretuak 2015-2016 ikasturtean gelan aplikatzeko?

Momentu honetan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila ikastetxe bakoitzeko irakasleen formakuntza beharrak diagnostikatzen ari da, formakuntza ahalik eta bere testuingurura egokitutakoa izan dadin. Aldi berean, materialak eta gidak egiten ari da irakasleei laguntza emateko eta Heziberri 2020 planaren curriculum dekretuak gelara eramateko.

Compromiso con las personas