Hezkuntza Saila

Iraunkortasuna eta hezkuntza esku-hartzea / Lan ereduak/ Lan proiektuak Ingurumen Hezkuntzan

  

Ingurumen hezkuntzako lan proiektuen txostenak

 

Ingurumen hezkuntza - Egungo proiektuak

Txostenak

Hauek dira eskaintzen diren lan proiektuak gaur egun:

Planeta hainbat izaki bizidun eta bizigabez osatuta dago. Beraien arteko berezko harremanek naturaren funtzionamendu orekatu bat ziurtatzen dutelarik.

Gizakia naturaren parte izan arren, historian zehar bere bizimodua naturatik aldentzen joan da azken hamarkadetan ikuspegi antropozentriko batean oinarrituz. Ondorioz, planetak, bere iraunkortasuna kolokan jarri duen inpaktu sakon ugari jaso ditu, batez ere, herrialde aberastuetako gizakion eraginez.

Izan ere, herrialde aberastuen kontsumoan oinarritutako sistema ekonomikoak arazo larriak sortzen ditu: baliabideen agorpena, kutsadura, klima aldaketa, nekazal lurren galera, bioaniztasunaren galera, hondakinen pilaketa..., eta baita herrien arteko desoreka handitzen duten arazo sozialak ere: lan esku merkea, umeen esplotazioa, emakumearen jazarpena, migrazioak, gudak…

Lan proiektu honetan gaur egungo sistema kapitalistaren ondorioz planetan sortu ditugun arazo desberdinak ikertuko ditugu (baliabideen ustiaketa, kontsumismoa, zaborra…), naturaren funtzionamendu harmoniatsua bermatzen duten ziklo itxiak gure ixten ez diren prozesu linealekin konparatuz, gure bizimoduko balioak, jarrerak eta egiteak kritikotasunez aztertzeko eta iraunkortasunerantz irtenbideak proposatzeko eta egiteko konpromisoak bilakatzeko.

Biodibertsitatea eremu zehatz batean, hots, ekosistema batetan bizi diren izaki bizidunen aniztasuna da eta ekosistemaren osasun egoeraren adierazlea da. Biodibertsitatea, ekosistemaren egonkortasunaren neurri bat da: aniztasun biologikoa zenbat eta handiagoa izan, ingurumeneko aldaketei aurre egiteko gaitasuna ere handiagoa izango da.

Ekosistemak komunitate natural bateko organismoek (gizakiok barne), beren inguruneak eta denen arteko harremanek eratzen dituzten sistemak dira. Halabaina, gizakiok ekosistemokin ditugun harremanak muturreraino eraman ditugu eta biodibertsitatea arriskuan jartzen dituzten eraginetako batzuk gizakion jardueren ondoriozkoak dira: lurren mugimenduak, kanpoko espezieak ekartzean, landaketa intentsiboak, eraikuntzak, urtegi eraketak... Aldaketa horiek ekosistemetan kalteak eragiten dituzte, askotan itzulerarik gabekoak gainera: plagak, deforestazioa, kutsadura, biodibertsitatearen galera, espezieen desagerpena…

Proiektu honen xedea, ikasleak biodibertsitatearen garrantzia eta aberastasuna balioestea da aurrerantzean garatzen dituzten jarduerak ingurumenaren aldekoak izan daitezen sustatzeko. Biodibertsitateak duen garrantziaz kontzientziatu, ekosistema batean egon beharreko orekaren inguruan sentsibilizatu eta oreka apurtzeak dakartzan ondorio eta kalteez konturatzea beharrezko ikusten da arazoon aurrean iraunkortasunerako irtenbideak proposatzeko.

Gaur egun, hemen eta munduan, lurzoruaren erabilerak (eraikuntzak egiteko, azpiegiturak…) lur emankorraren galeran eragin zuzena dauka eta lur emankor hori elikagaien ekoizpenerako beharrezkoa da.

XX. mendean zehar herrialde aberastuen nekazariek aldaketa bortitzak bultzatu zituzten produktibitatearen izenean: pestizidak, ongarri kimikoak, erregaien erabilera eta abar zabalduz. Sistema intentsibo honek gure bizimodua “erraztu” badu ere, bere ondorio kaltegarriak geroz eta argiago ikusten dira: lur degradatuak, ur kutsatuak, bioaniztasunaren galera, gure osasunerako sustantzi kaltegarriak dituzten elikagaiak...

Horretarako Lurra lan proiektuan nekazari-ustiapen era ezberdinak eta euren ondorioak ingurumenean, osasun arloan eta herrien garapenean aztertzen dira, kontsumo ohitura arduratsuak pizteko eta ingurumena eta nekazaritza ekologikoarekiko konpromisoa sustatzeko asmoz.

Ura

Ura bizitzaren oinarria da eta ezinbestekoa izaki bizidun guztientzako eta lurraren izaterako.

Ura ez dago era uniformean banatuta munduan zehar eta ur guztiaren %0,6a bakarrik da ur geza eta likidoa. Gizakiak hainbat beharrizanetarako erabili izan du antzinatik gaur egunera arte eta gehiegizko kontsumo eta erabilpen desegokien ondorioz sortutako uraren kutsadura eta ur hornidura ziurtatu ezina, arazo larriak bihurtu dira uraren kudeaketaren eta bere jabegoaren inguruan gatazkak eta ingurumenean arazo berriak sortuz, etorkizunean gerta daitekeenari begiratu gabe.

Ura Lan-Proiektuaren xedea litzateke, ura onura mugatua izanik, bizitzarako daukan garrantzia preziatzea eta planetan dauzkan banaketa eta kontsumo desberdinak baloratzea, bere erabilpen egokirako irtenbideak proposatuz, jarrera aldaketa bultzatzeko eta ekimen pertsonalak zein kolektiboak burutzeko. Honela, iraunkortasunerantz eta planetako herri guztien arteko elkartasunerantz abiatzeko asmoz.

Txostena

Ingurumen hezkuntza - Aurreko proiektuak

Txostenak

 Hauek dira ikastetxean beste urte batzuetan egin izan diren beste Lan Proeiktu batzuk:

Basoak bizitzarako ezinbestekoak diren ekosistemak dira eta hauen desagerpena gaur egungo ingurumen arazo larrienetarikoa dela esan daiteke.

Historian zehar, alor ezberdinetan erabili izan dira baina batez ere azken hamarkadetan ari gara arazo larriak eragiten, gizarte kontsumistaren eta globalizazioaren ondorioz, mundu mailako deforestazioa izugarri bizkortuz. Behin baso hauek suntsituta, berreskuratzeko milaka urte igaro behar dira, eta hauetako batzuk ez dira inoiz berreskuratuko.

Lan proiektu honen helburua da: etorkizunean, gizaki eta basoen arteko harreman orekatua izatearen beharra ikasleek ikustea, basoen desagertzeak dakartzan ondorio larriez kontzientzia hartzea eta gizakiok desagertze honetan jokatzen dugun papera ulertaraztea, azken batean basoen aldeko jarrerak sustatzeko.

Txostena

Eremu bereziak dira itsasadarrak, bertan hainbat ekosistema desberdin baitaude, besteak beste hareatzak, padurak eta itsaslabarrak.

Gizakiak antzinatik aurkitu izan du bizilekua itsasadar inguruan eta bere jardueren ondorioz (nekazaritza, arrantza, eraikuntza, ontzigintza, turismoa, industria...) inguru hori eraldatu eta kutsatu egin du, askotan itzulerarik gabeko kalteak eraginez.

Proiektu honen xedea, itsasadarretako ekosistema naturalak ezagutu eta hauen berezitasuna, bioaniztasuna eta aberastasuna baloratuz, beraien kontserbazioaren beharraz jabetzea da eta giza jarduerek sortutako inpaktuen eraginez dauden problematiken aurrean iraunkortasunerako irtenbideak proposatzea eta ekimen indibidualerako zein sozialerako konpromisoak hartzea.

Txostena