Irudia - Hezkuntza sailburua

 

 

 

Cristina Uriarte Toledo

Hezkuntza sailburua





Ongi etorri Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren web orrira. Hemen jasotzen den informazioa zuen interesekoa izatea nahi nuke.

 

 

 

Hezkuntza Sailak hezkuntzaren ikuspegi integral bat dauka, XXI. mendeko euskal herritarretara egokitua. Ikuspegi hori abiapuntu hartuta, euskal hezkuntza-sistema osoa zuzentasunaren eta kalitatearen aldetik bikaintasunerantz joan dadin nahi dugu, eta, horretarako, zuzentasuna sustatuko dugu. Gure seme-alabei eman behar diegun hezkuntzak balioetan oinarritutakoa izan behar du, eta hauek guztiak bultzatu behar ditu: elkarbizitza, bakea, adiskidetzea, solidaritatea, aukera-berdintasuna, tolerantzia, esfortzua eta erantzunkidetasuna.

Lanean jarraituko dugu kalitatezko hezkuntza bat bermatzeko; irakasleriari hasierako eta etengabeko prestakuntza egokia eskainiko diogu, eta ikastetxeen gobernantza eta zuzendaritzaren hobekuntzan eragingo dugu.

Horrez gain, euskara zaintzea dagokigu, gure altxorrik baliotsuenetakoa baita. Euskararen ikaskuntza eta erabilera bultzatzen baditugu, elkarbizitza linguistikoa errealitate bat izatea lortuko dugu. Elebitasuna bultzatuko dugu, hezkuntza eleanitz baten esparruan, betiere, hizkuntzen trataera integral batean oinarrituta.

Bestalde, bilakaera eta eraldaketa sozial eta produktibo etengabe batean gaude, eta horrek eskatzen digu estrategia berriak bultzatzea eta beste gaitasun eta konpetentzia profesional batzuk eskuratzea. Horregatik, bikaintasunezko lanbide-heziketan dugun lidergoak gure hezkuntza-sistemaren funtsezko habeetako bat izaten jarraitu behar du. Geroz eta aurreratuagoa izan behar du lanbide-heziketa horrek, eta, horretarako, aukera, erantzukizun eta helburu berriak ezarri behar ditugu. Era berean, garapen eta egokitzapen hori indartu egin behar da goi-mailako hezkuntzaren eta ikerketaren aldeko estrategia baten bidez. Erabakitasunez egin dugu bikaintasunaren, espezializazioaren eta nazioartekotzearen alde, eta horretan jarraitu behar dugu, horiek guztiak baitira gure unibertsitate-hezkuntzaren eta zientzia-politikaren ereduan arrakasta izateko giltzarriak.

Euskadiko zientzia-politika bultzatzen jarraituko dugu, eta, horretarako, oinarrizko ikerketa finantzatuko dugu, zeina unibertsitateen, ikerketa-taldeen eta bikaintasun-zentroen bidez egingo baita. Erronka bat da, oinarri izan behar duena ikertzaile talentudunak erakartzea, atxikitzea eta prestatzea, Ikerbasquen bidez.

Gizarte aurreratu bat izango badugu, hezkuntza-sistema aurreratu batean oinarritu behar dugu. Aurrerabidearen eta ongizatearen funtsezko faktore bat da hezkuntza. Argi daukat Hezkuntza herri baten erronka dela, erronka kolektibo bat dela, eta, horregatik, legegintzaldi honi begira, funtsezkoa izango da elkarrizketa eta adostasuna bilatzea akordiora iristeko, hots, hezkuntza-komunitate osoaren lankidetza eta parte-hartzea eskatzen duen itun batera iristeko.

Sail hau osatzen duen lantaldeak ahalegina egingo du espero duzuen horretan ez huts egiteko.

Adeitasunez,

Cristina Uriarte Toledo

Hezkuntza sailburua