Hezkuntza Saila

Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunari erantzuna

Gizarteak eta derrigorrezko hezkuntzak (gizarteko parte, hori ere), biek ala biek aniztasunari aurre egiteko duten moduetako baten berri ematen duen kontzeptua, horixe dugu inklusioa; praktikan, zera esan nahi du: orain arte hezkuntza-komunitateak ikaslerian baino ardaztuak ez zituen konponbide pedagogikoak eskola-testuinguru arruntera eraman behar dituela.

Eskola inklusiboaren kontzeptua alderdi anitzeko deskribapen batetik abiatzen da, ezinezkoa baita, sintesi moduko bat egin nahirik ere, kontzeptu horri ertz bakar batetik heltzea; aitzitik, irazki moduko bat da, hezkuntza-eredu berri baten oinarri: denentzako eskola, ahalik eta garapen pertsonal handiena lortzeko. Eta, bistan denez, gero eta elementu gehiago jardun aldi berean elkarrekin lanean, orduan eta solidoagoa izango da eskola inklusiboa. Egitasmo mardulagoa izango da, bai, baldin eta hezkuntza- komunitate osoak hartzen badu parte hari buruzko gogoetan eta denen artean aztertzen badituzte eskola-komunitatean bertan egindako urratsak.

Hezkuntza-inklusioarekin guztiz konprometituta dauden zenbait egilek (Ainscow, Booth eta Dyson, 2006; Echeita eta Duk, 2008) postulatutako definizioaz baliatuko gara eskola inklusiboa zer den azaltzeko: haur eta gazte guztiak hezkuntzara irits daitezen bermeak ematen dituena da eskola inklusiboa; baina, edonola ere, ahotan darabilgun hezkuntza hori ez da edonolakoa, kalitatezko hezkuntza-sistema bat baizik, denei aukera-berdintasuna, justizia eta ekitatea bermatzen diena.

Dena dela, ez da aski hezkuntza-eremuan inklusioa martxan jartzea, beharrezkoa baita denentzako gizarte-sare erkideak eraikitzea ere, denak elkarrekin bizi daitezen, denek ikas dezaten elkarrekin, denei baliagarri gerta dakien; denei, bai, baina batez ere ikasle zaurgarrienei.

Izan ere, eskola inklusiboak ikasle guzti-guztiei eskaini behar dizkie hezkuntzan aurrera egiteko aukera berberak, bai eta ikasketetan eta beren bizitzan ezinbesteko gerta lekiekeen edonolako laguntza ere (curriculumean, beren bizitzan, laguntza materiala...), nor bere autonomia garatzeko gai izan dadin. Testuinguru bat eraikitzea, horixe da kontua, bai eta hura pertsonen bizimodura egokitzea ere, neska-mutilen artean egon litezkeen desberdintasunei aurre egin eta talde nahiz pertsona zaurgarrienei beharrezko gerta lekizkiekeen babes eta laguntza espezifikoak bermatzeko.

Eskola inklusiboak gizarte-gune demokratiko eta parte-hartzaileak eraiki behar ditu, sozialki aberastuak, ikaskuntza erraztu eta elkarrekin bizitzearen, ikastearen, komunikatzearen, elkarrekin harremanak izan, elkarrekin jardun eta gainerako gizarte- taldeetako kideengana hurbiltzearen garrantzia azpimarratuko dutenak. Ikasle bakoitza ikasgela heterogeneo batean egongo da, ikastaldeak ere heterogeneoak izango dira, baina ikasgela heterogeneo horretan lana antolatu eta planifikatzeko ardura irakasle- talde batek izango du. Gune horretan, garrantzi eta eraginkortasun handiko hainbat praktika eta estrategia jarriko dira abian, konpetentziak lantzea eta garatzea ardatz hartuta: ikastalde kooperatiboak, ikasgelako irakaskuntza partekatua, lankidetza, ikastalde interaktiboak, berdinen arteko tutoretzak, solasaldi dialogikoak eta proiektukako lanak, besteak beste. Estrategia horiek zenbat eta lehenago jarri abian, jakina, emaitza hobeak emango dituzte. Lekuan lekuko eta unean uneko zaurgarritasuna zenbat eta handiagoa izan, gainera, begi-bistakoa da are beharrezkoagoa izango dela eskura ditugun baliabide eta babes guztiak eraginkortasunez erabiltzea, arazoei irmotasunez erantzuteko. Etxekoekin elkarlanean jardutea eta, beraz, eskola-ingurunea eta familia-ingurunea elkarrengandik ahalik hurbilen egon daitezen saiatzea metodo bikaina da, inondik ere, eskola inklusiboan ager litezkeen zailtasunei aurre egiteko; baina are bikainagoa da, zalantzari gabe, ikasleen ikaskuntza erraztu eta hobetzeko baliabide gisa. Horretarako, guztiz erabakigarria da familiek ahal beste informazio izan eta erabakitasunez parte hartzea beren seme-alaben derrigorrezko ikastaldian, hau da, Haur Hezkuntzarekin hasi eta neska-mutilek 18 urte bete bitartean irauten duen horretan, adin horretako herritarrek ez bailiokete utzi behar beren prestakuntzari. Erabat logikoa denez, ezinbesteko gertatuko zaigu, hezkuntzari buruzko itxaropenok hedatuko baditugu, zenbait ibilbide eraikitzea; ibilbide malgu eta askotarikoak, bai, baina egiaztapena lortu eta bizi osoan ikasten jarraitzeko beharrezkoak diren gutxieneko konpetentziak lortzera eramango gaituztenak.

Euskal hezkuntza-sistemako haur guztientzat derrigorrezko hezkuntza bermatuta, beraz, hamaika baliabide jarriko dira abian, eta zenbait gune sortuko, eta hainbat neurri eta erabaki ere hartuko dira, kalitatez eta ekitatez erantzuteko ikasle guzti- guztien hezkuntza-premiei. Hala, izan ere, ikasleen irteera-profilean aurreikusten ziren oinarrizko konpetentziak lortzea helburu hartuta, neska-mutil guztiek ahalik gehien garatu ahal izango dituzte beren gaitasun pertsonalak. Ikuspegi honetan, estrategia metodologikoek garrantzi handia hartzen dute, maila bereko pertsonen arteko interakzioa ahalbidetzen baitute kalitatezko ikaskuntza-pizgarri ugari ematen dituzten testuinguru normalizatuetan, eta, horrez gain, baita tutoretzen eta aholkularitza- nahiz orientabide-zerbitzuen bitartez ikasleei arreta pertsonalizatua izateko aukera ematen dietelako ere.

Hezkuntza-jarduera orotan, aniztasunari aurre egiteko bi modu hartu behar dira aintzakotzat: erantzun positiboa, batetik, gizaki guztiok garen bezalakoak izateko dugun eskubidearekin lotua; eta negatiboa, bestetik, bazterketa- eta desberdintasun-egoera ugariren kausa dena. Bi horietan, jakina, baliotsua aniztasun positiboa da, gizaki izateko aukeren ispilu izateaz batera aberastu ere egiten gaituelako. Gizarte-talde guztiak izaten dira anitzak, eta horrek ikasteko eta hobetzeko aukera ematen digu.

Hezkuntza inklusiboan dihardutenek aurrean izaten dituzte beti ikasgeletako aniztasun-adierazpen ugarienak, baina modu bereizian betiere, aniztasunaren bi ifrentzuetako zein nagusitzen den. Izan ere, ikastetxeetakoa ez da gizartean bertan nagusi den aniztasunaren erreprodukzio bat baizik, eta, beraz, hari buruz ikastetxean entzuten diren iritzi eta usteek ere gizartea bera izan ohi dute eredutzat:

  • Kultura-aniztasuna. Gizon-emakume guztiok gara kultura berezi bateko kide, denok gara kulturalki desberdin, baina, hala eta guztiz ere, gaur egun oraindik mespretxuz begiratzen diegu geureaz bestelako kulturei, eta hori, jakina, guztiz baztertu beharrekoa da.
  • Gaitasun-aniztasuna. Edozein pertsonak izan dezake testuinguru jakin batean zer edo zer egiteko gaitasuna; beste testuinguru batean, ordea, baliteke halako gaitasunik ez izatea. Eskola inklusiboak aberastu egin behar ditu bere proposamen, estrategia eta testuinguruak, edozein motatako neska-mutilak, gaitasun handienekoetatik hasi eta zailtasunak izan ohi dituztenetaraino, gai izan daitezen beren burua ahalik gehien garatzeko, eta ikasle guztiak irits daitezen beren gaitasunak maila gorenean garatzera. Horri dagokionez, garbi dago zein den hezkuntza-sistemaren desafioa: ekitatearen kontra ahalik gutxien jardunez, ahalik eta bikaintasun-maila handiena erdiestea.
  • Sexu-joeren aniztasuna. Nork bere sexualitatea sentitzeari dagokionez, norberak nahi bezalako sexu-harremanak izateari dagokionez, pertsonok orientabide desberdinak ditugu, jakina. Historikoki, baina, mota horretako aniztasunari bizkarra emanda bizi izan gara, eta, horren ondorioz, zenbait ikaslek aparte sentitu dute beren burua.
  • Genero-aniztasuna. Gizarte-konstruktu bat da generoa, ikasle guztien oraina eta geroa baldintzatzen dituzten desberdintasun bidegabe askoren berri ematen diguna.
  • Baliabide sozio-ekonomikoen aniztasuna. Gizarte- eta ekonomia-maila apaleko haur eta gazteek oso kontuan hartzeko moduko arrisku-talde bat osatzen dute. Hezkuntza-sistemara iristeko desabantaila handiak izaten dituzte, eta desabantailok, gainera, are handiagoak izan litezke eskolak ezer egingo ez balu dela hezkuntza-sistemara iristeko, dela eskolako bizimoduan parte hartzeko, dela lorpen akademikoak erdiesteko ahaleginean ikasle horiek porrot egin ez dezaten. Egoera hori guztiz bidegabea denez, beharrezkoa da eskolan behintzat konponbideren bat aurkitzea.

Desberdintasun- edo bazterketa-egoeraren baten ispilu direnean, aniztasun horietako zenbatek eragiten dien, horiexek izango dira, hain zuzen, kolektibo mehatxatuenak, eta, beraz, hezkuntza inklusiboak haiei eskaini beharko die arreta gehien. Izan ere, aipatutako aniztasun-mota horiek guztiak ardatz nagusi baten inguruan zertu behar dira: justiziarenean, alegia. Herritarren artean islatzen den aniztasun horrekin tentuz jokatu behar da, eta horixe da, hain juxtu, hezkuntza-sistemen erronka handienetako bat. Eta, horretan, jakina, denek hartu behar dute parte: irakasleek, haiena baita aldaketa hau abian jartzeko ardura profesionala, baina baita, haiekin batera, familiek, gizarte-inguruneak eta hezkuntza-administrazioak ere. Irakasleek, ikasleek, familiek eta/edo haien ordezkari legalek, gizarte-eragileek, den-denek hartzen dute parte eskola inklusiboan, denen artean osatzen dute komunitateari zentzua ematen dion sarea, eta denen artean eraikitzen dituzte nork bere burua gizarte eta ikastetxe bereko kide sentitzeko moduko guneak.

Izan ere, ikastetxea bera ere komunitate bihurtu behar da: esperientzia abegikor, aberats eta askotarikoak bizi izateko moduko testuinguru antolatua, alegia, pertsona oro den horretantxe onartu eta tratatuko duena, eta ikasle guztiei eskola-jardueretan parte hartzeko aukera emango diena. Horretarako, ikastetxeko hezkuntza-komunitateak bi baldintza bete behar ditu:

  • Beharrezkoa da ikastetxeetan irakasle-talde egonkor eta malgu bat izatea, elkarrekin batera modu estrategikoan zenbait proiektu egin eta hezkuntza- komunitatea eratzeko, hainbat maila kontuan hartuta: ikasgela, zikloa, etapa, ikastetxea, komunitatea, ikasle gehienen parte-hartze demokratikoa erraztea...
  • Hala, bada, eskolan ikasle guztiek arrakasta lortuko badute, beharrezko gertatuko zaigu, oinarri-oinarrizko funts modura, eskolakomunitate abegikor, kolaboratzaile eta gogo-pizgarri bat eraikitzea, pertsona orori bere gaitasun eta potentzialtasunak aitor dakizkion

Laburbilduz, hezkuntza inklusiboak hauxe esan nahi du: ikasle guztientzat kalitatezko hezkuntza bidezko eta justiziazko bat lortzearen aldeko jokabide eta konpromisoa hartzea. Haur eta gazte guztiekin du zerikusia. Haien parte-hartze errealean ardazten da, bai eta balioztatutako emaitzen araberako lorpenetan ere, eta bazterketa-egoera orori egiten dio aurre, sekula amaitutzat jo ezin daitekeen prozesu bat izateaz batera.

Praktika inklusiboen garapena bi alderditan ardazten da: batetik, ikaskuntza- irakaskuntza prozesuan; eta, bestetik, ikastetxeak eta, oro har, komunitate osoak eskura dituen baliabide guztien antolaeran eta planifikazioan. Ikasgelan lanean jarduten duten profesional guztien arteko hausnarketaren fruitua dugu praktika inklusiboa.

Ikaskuntzari buruzko gaur egungo ikerketa eta teorien arabera, pertsonek elkarrekin aritzean eta jardutean ikasten dute, orduantxe gertatzen da ikaskuntza deritzogun hori, zenbait testuingurutan ikasitakoen artean jarraitutasun halako bat dagoenean. Teoria horiek berek diotenez, maila bereko pertsonek aktiboki jokatzen omen dute ikaskuntzan, bitartekari-lanak eginez, eta, alde horretatik, funtsfuntsezkoak dira ikasle guztien inklusioa lortzeko. Ikerketa horietan azpimarratzen denez, gainera, ikasgeletan erabiltzen den metodologia eta irakasleek jokatzen duten rola ere giltzarri ditugu, ikasle guztiek arrakasta lor dezaten.

Testuinguru horretan, bada, irakasleek normaltasunez heldu behar liokete ikasleen heterogeneotasunaren auziari, ikastaldearen ezaugarrietako bat besterik ez baita hori; dena dela, auzi garrantzitsua da, inondik ere, behar-beharrezkoa baita ikasleek beren artean harreman onak izan eta parte-hartzea maila bereko pertsonen artekoa izateko. 

Hezkuntza-plangintzak egitean, ikasleengandik gertueneko testuinguruak aintzat har daitezela proposatuko da; eta, jakina, ikasleengandik gertueneko testuingurua ikasgela bera da, hantxe aritzen baitira ikasleak ikasten eta elkarrekin parte hartzen. Eguneroko ikasgela horixe da, hain zuzen, inklusioa lortzeko lekurik aproposena. Horretarako, beharrezkoa da zenbait ikasleren premiak asetzeko baliabide eta babes espezifiko nahiz osagarriak ondo antolatzea, lankidetza eta elkarlana printzipio nagusitzat hartuta. Ikastalde barruko bizimoduarekin bat datozen ikasgelarako programazioei dagokienez, garrantzi handikoa da ikerketen bermea jasoa duten estrategia eta metodologiei jarraitzea, eta parte-hartzea oinarri duten ildoak bultzatzea: maila bereko pertsonen arteko laguntza, irakasle guztien arteko elkarlana, ikastalde interaktiboak, lankidetza-ikaskuntza, solasaldi dialogikoak, tutoretza pertsonalizatuak, irakaskuntza dibertsifikatua, ikaskuntza pertsonalizatua...

Ikastetxeak inklusiozko ingurune izatera iritsiko badira, beharrezkoa da alderdi hauek asetzea:

  • Pertsona guztiek ikasteko aukera izan dezatela babesteko, aintzat hartu behar da ikasleen arteko aniztasuna, eta aberastasun modura ulertu. Horretarako, ikasgelan egunero egiten diren lanetan, zenbait jarduera proposatu eta jatorri desberdineko ikasleak elkarrekin lanean jarri behar dira, haietako bakoitza bere ikaskuntzaren eta besteenaren arduradun bihur dadin, eta denen artean, elkar zaintzean eta errespetatzean oinarriturik, harreman positiboak egin ditzaten.
  • Ikastetxeko kideen (ikasle, irakasle nahiz familia) arteko sinergiak aprobetxatu behar dira, bai eta ikastetxeen eta prestakuntza- nahiz koordinazio-zentroen (berritzeguneak...) artekoak ere, ikaskuntza-testuinguru guztiak elkarren osagarri izan daitezen eta haien guztien arteko koherentzia ziurta dadin.
  • Hezkuntza Proiektu bat ere behar da, ikastetxeko kultura-, politika- eta praxi- alderdi guztiei behar bezala heldu eta ikasleen arteko aniztasunari erantzun egokia emateko. 
  • Ikasle guztien ikaskuntza eta parte-hartzea sustatu behar da; zaurgarrienena, batik bat, haiek baitute baztertuak izateko arrisku handiena, dela desgaitasunen bat dutelako, dela beste edozein arrazoi (sexua, erlijio, kultura, etnia...) dela tarteko.
  • Ibilbide eta curriculum pertsonalak malgutu egin behar dira, eta zenbait ikaskuntza-testuinguru ahalbidetu, baita ez-formalak ere, ikasle guztiak jabetu daitezen oinarrizko konpetentzia eta akreditazioez.
  • Ikasle guztiak hezkuntza-sistemara iritsi, hartan parte hartu eta ikasten jarduteko egon litezkeen hesiak birrintzeko konpromisoa hartu behar da, eta ahaleginak ere egin behar dira ikastetxeak aniztasunari aurre egiteko izan litzakeen mugak gainditzeko.
  • Ikasgelarako proposamenak ere eraiki behar dira, curriculuma eta konpetentzien ikaskuntza taldeko ikasle guztien premia-aukeretara egokitzeko.
  • Babesak ikasgela barruan denenak diren gune eta txokoetan antolatu behar dira, norberaren eta talde osoaren premiei erantzuteko.
  • Konpetentzien eta prozeduren araberako ikaskuntzan, etengabe berrikusi behar dira gune, epe, baliabide, irakasleen lan eta beste zenbait alderdiri buruzko ikuskerak, irakaskuntza-ikaskuntza prozesua malgutuz eta bizitzarako ikaskuntzak funtzionalago bihurtuz.
  • Ikastaldeko kideen, irakasleen eta beste heldu batzuen arteko elkarlana ardatz duten proiektuak –proposamen zabal eta malguak– landu behar dira.
  • Ikasleen arteko elkarlana eta ikasle bakoitzaren autonomia errazteko moduan antolatu behar da ikasgela.
  • Eskolaz kanpoko jarduera osagarri inklusiboak proposatu behar dira, era askotako jarduerak, ikasle guztien interesa harrapatuko dutenak. Ondo ezagutu eta aprobetxatu behar dira gertueneko baliabideak (herrikoak, auzokoak...), neska-mutilek ikasitakoak indartu eta bermatu ditzaten, bai eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak ere.
  • Teknologia-baliabideak eraginkortasunez erabili behar dira. Ikasle guztiek erabil ditzakete teknologiok ikasgelan, baina, horrez gain, beharbeharrezkoa da irakaskuntza-metodologiak berak aldatzea, eta IKTak metodologia horietan oinarrituta erabiltzea.
  • Azkenik, ikasleak eta ikasle guztien garapena hartu behar dira ardaztzat eskura ditugun babes guztiok koordinatu eta abian jartzeko. Gehienbat testuinguru konpartituetan, ikastaldean bertan, aplikatzekoak dira babesok. Eta ikasle guztien premiei erantzungo bazaie, gainera, babes horiek abian jartzean ezinbestekoa izango da irakasleen arteko koordinazioa eta profesionalen arteko elkarlana. Gaur egun bakarka nahiz taldean nola jokatzen dugun berraztertzera behartzen gaitu horrek, bai eta gogoeta egitera ere, gure praktikak inklusiboak ote diren edo, aitzitik, ikasleentzat ikasten eta parte hartzen jarraitzeko oztopo ote zaien ikusteko.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikasleen aniztasunari erantzuteko, neurri ugari hartu behar dira parte hartzeko eta ikasteko oztopoak gainditzeko, eta, azken batean, eskola-arrakasta lortzeko.

2023-2024 ikasturtea